Ezkerraldetik, hainbat eragile sozial eta sindikalek osatzen dugun “La Suizako 6ekin” elkartasun-batzordetik, zuengana goaz gure elkartasunik sakonena adierazteko Xixongo “La Suiza” gozotegiko langileen lan-baldintzak eta jazarpena salatzeagatik bidegabeki 3 urte eta erdiko kartzela-zigorra jaso duten CNTko sei lankideei. Kartzelara bidaltzen dituzte borroka sindikala egiteagatik.
Auzitegi Gorenaren epaia bereziki larria da ekintza sindikala bide judizialera mugatzen baitu, sindikalismoaren ezaugarri diren jarduerak zentsuratuz, hala nola kaleko protesta eta pikete informatiboak. Zigor horiek, eskubide laboral eta sindikalen aurkako eraso zuzena izateaz gain, bizi-baldintza duinen alde borrokatzen duen oro beldurtzeko ahalegina ere badira.
Jendarte hobe baten alde borrokatzen dugun pertsonak kriminalizatzen eta jazartzen diren garai hauetan, “La Suizako 6en” kasuak hausnarketara eta elkartasunera eraman behar gaitu. Ezkerraldetik, non historikoki atxiloketak, isunak, jipoiak, kartzela, erbesteratzea, deportazioak eta erailketak pairatu ditugun langileon eskubideen alde borrokatzegatik, ezin gara Asturiasen gertatzen ari denaren aurrean geldirik geratu. “La Suizako 6ak” ere gure burkideak dira, bat ukitzen badute guztiok ukitzen gaituzte, eta ez gara axolagabe geratuko langileoi eskubideak nola kentzen dizkiguten ikusita.
Ezin dugu onartu beren eskubideen alde borrokatzen dutenen ahotsa isilaraztea. Horregatik guztiagatik, eta gure lankideak espetxeratzeko azken auziak direla eta, Xixongo zigor-arloko 1 zenbakiko epaitegiko titularra den Lino Rubio epaileak defentsaren argudioak ezetsi dituenez, fiskaltzaren irizpidearen aurka, kondena bertan behera ez uztea agindu du. Horregatik, zure elkartasuna adierazteko gonbidapena egiten dizugu, datorren ekainaren 20an, 19:00etan, Barakaldoko Justizia Jauregian “Ezkerraldea La Suizako 6ekin bat! Gora langileon borroka! “
Era berean, ekainaren 29an, igandean, Xixonen egingo den manifestaziorako, Barakaldotik doako autobus bat aterako dela iragartzen dugu, manifestaziora joan nahi duten pertsona guztientzat, lankideei babesa adierazteko.
Errepresio sindikalari ez!
Elkartasuna “La Suiza”ko lankideei!

