E il mio maestro mi insegnò
com’è difficile trovare
l’alba dentro l’imbrunire
FRANCO BATTIATO
2025-2026 ikasturteak zapore mingotsa utzi digu euskal irakaskuntza publikoko langileoi. Administrazioak berrikuntzaz, kalitateaz eta modernizazioaz hitz egiten duen bitartean, ikastetxeetan oso bestelako errealitatea bizi dugu. Burokrazia handitzen ari da, lan-baldintzak okertzen ari dira eta baliabideak pixkanaka-pixkanaka gutxitzen ari dira; aldi berean, diru publikoaren zati gero eta handiago batek interes pribatuak indartzen ditu. Galdera bat premiazkoa da: zer hezkuntza-eredu eraikitzen ari da gobernu hau?
Ikasgeletan gertatzen den ezer ezin da fenomeno isolatutzat hartu. Zerbitzu publiko guztiei eragiten dien dinamika zabalago baten parte da. Hezkuntzak, osasungintzak eta funtsezko beste arlo batzuek ezkutuko murrizketen, inposaketa bertikalen, arlo publikoaren ahultzearen eta eskubideen pixkanakako galeraren prozesu isil berbera jasaten dute. Egoera honen aurrean, CNT Ezkerraldeatik beharrezkotzat jotzen dugu balantze kritiko bat egitea.
Pribatizazio orojalea: eskola publikoa kapitalismoaren kate trofikoan
Gure ikastetxeetan hezkuntza-bikaintasunari buruzko adierazpen handinahitsuak entzuten jarraitzen dugu; bitartean, ikasgelak masifikatuta daude, plantillak etengabe aldatzen dira eta ikastetxe askok baliabide eskasekin jardun behar dute. Aldi berean, irakasleen lan-osasunak okerrera egin du. Iragarritako hobekuntzak ez dira iristen, eta hartutako konpromisoak atzeratu egiten dira, edukiz hustu edo, besterik gabe, bete gabe geratzen dira.
Egoera hau ezin da ulertu urteetan zehar irakaskuntza pribatuarekin lotura estua eta pertsonala duten arduradunek diseinatutako hezkuntza-politikatik kanpo. Horregatik, eskola publikoak ikasgelak, hezkuntza-eskaintza eta jarduteko gaitasuna galtzen ditu, finantzaketa publikoa gordetzen edo are indartzen duen itunpeko sare baten aurrean.
Zenbait Batxilergoren aurkako erasoak, bereziki artistikoen aurkakoak, logika horren adibide argia dira. Programa publiko sendo eta errotuen jarraitutasuna zalantzan jartzen da, itunpeko ikastetxeetan antzeko eskaintzak sustatzen diren bitartean. Ez dira erabaki isolatuak, baizik eta orientazio politiko iraunkor eta koherente baten adierazpenak. Erabaki politikook, pixkanaka baina etengabe, baliabideak eta ikasleak diru publikoz finantzatutako sare pribatura bideratzen dituzte.
Hori guztia modernizazioaren hizkera atseginean aurkezten da. Hala ere, badirudi modernizatze horrek gero eta baliabide gehiago itunpeko hezkuntzara bideratzea esan nahi duela, eskola publikoak hezkuntza-lanaren zatirik konplexuena eta zorrotzena bere gain hartzen jarraitzen duen bitartean. Eskola publikoa da oraindik ere laguntza gehien behar duten ikasleak hartzen dituena eta sistemaren erantzukizun sozial nagusiak bere gain daramatzana.
Horregatik, ez gaude eztabaida tekniko baten aurrean. Jokoan dagoena gure gizarte-eredua da. Itunpeko sareak gero eta finantzaketa handiagoa jasotzea normaltzat jotzen denean eta, aldi berean, eskola publikoak zentraltasuna galtzen duenean, aldatzen ari dena ez da baliabideen banaketa hutsa. Hezkuntza eskubide unibertsal gisa ulertzeko modua bera dago jokoan.
Hezkuntza publikoaren kalbarioa
Ikastetxe publikoetako eguneroko errealitateak neurri handi batean gezurtatu egiten du erakundeen diskurtsoa. Ratioak handiak dira oraindik ere, ezegonkortasunak plantillak markatzen jarraitzen du, eta programa, ebaluazio edo administrazio-ekimen berri bakoitzak lan gehiago dakar, oinarrizko arazoei benetako irtenbiderik eman gabe.
Bereziki kezkagarria da lan-osasunaren egoera. CNT Ezkerraldeatik salatu nahi dugu irakasleei eragiten dieten arrisku psikosozialei aurre egiteko ez dagoela jarduera seriorik. Gero eta ohikoagoak dira nekeak, antsietateak edo estresak eragindako bajak. Ildo horretan, ikasturte honetan egindako ebaluazioak enpresa azpikontratatuek prestatutako galdetegi orokorretara mugatu dira, eta ez dira modu serioan gai izan aztertzeko nola eragiten duten langileengan gehiegizko eskola-kargek, laguntza-langileen gabeziak edo edota ikasle-taldeen gero eta konplexutasun handiagoak.
Horri gehitu behar zaio aurreko ikasturtean sindikatu jakin batzuek administrazioarekin sinatutako akordioak sortu duen ziurgabetasuna. Adostutako neurri asko oraindik ez dira modu argian aplikatu, eta ez dago beroriek gauzatzeko egutegi gardenik ere. Irakasleek ez dute beren lan-baldintzetan hobekuntza nabarmenik sumatu, eta horrek etorkizunerako konpromisoak iragartzen dituen baina gero atzeratu edo bete gabe uzten dituen administrazio batekiko mesfidantza areagotzen du.
Era berean, hainbat erabakik ez dute egonkortasuna lortzen lagundu: hala nola, IRALE bezalako programa historikoak desagerraraztearen edo eraldatzearen erabakia; izan ere, programa horrek funtsezko zeregina izan zuen hainbat hamarkadatan irakasleen euskalduntze-prozesuan. Halaber, Hezi+ bezalako ekimenak informazio nahikorik gabe ezarri dira, langileen benetako parte-hartzerik gabe eta lan-baldintzen alderdi garrantzitsuak baldintzatuz.
Bien bitartean, irakasleek honako eskakizun hauei egin behar diete aurre: gero eta curriculum zabalago eta kudeaezinagoei, burokraziaren hazkunde etengabeari eta metodologia, teknologia zein erreforma pedagogiko berrietara egokitzeko presioari. Eskakizunok bata bestearen atzetik datoz, eta ez dago denbora materialik eurak behar bezala ulertu, baloratu edota eguneroko jardun praktikoan txertatzeko.
Horrek guztiak autonomia profesionala ahultzen du. Gero eta zailagoa da norberaren jardunari buruz hausnartzea, nortasun propioa duten hezkuntza-proiektuak garatzea edo lanbidean irizpide pedagogiko sendoetan oinarrituta jardutea. Irakasleen lana prozedurak betetzera mugatzen dela iradokitzen da, nahiz eta hezkuntzak gizartea eraldatzeko funtsezko tresna izaten jarraitzen duen.
Bereziki larria izan da, halaber, ikasgeletan kamerak jartzeko erabakia. Neurri hori behar besteko adostasunik gabe, informazio gardenik gabe eta hezkuntza-komunitatearen onespenik gabe bultzatu da. Zalantza juridiko larriak sortzeaz gain, ikaskuntzara eta elkarrenganako konfiantzara bideratuta egon beharko luketen guneak kontrolatzeko eta zaintzeko joera kezkagarria dakar.
Eskola publikoa: klausura eta itxiera
Ikasturte honetako gertakaririk kezkagarrienetako bat hainbat ikastetxe publikotan hezkuntza-etapak ezabatzeko edo berrantolatzeko asmoa izan da. Txurdinaga Behekoa bezalako kasuek argi erakusten dute itxuraz teknikoak diren argudioen atzean sare publikoa ahultzen duen politika bat dagoela.
Hezkuntza-proiektu horiek ez dira desagertzen porrot egin dutelako. Desagertu egiten dira eurei eustea merezi ez duela erabakitzen delako. Eta erabaki hori politikoa da, ez teknikoa.
“Eskaera falta”ri buruzko diskurtsoak ere ez dio eusten analisi serio bati. Zaila da argudio hori defendatzea urte luzez lurralde guztietan eskaintza publiko orekatu bat bermatu ez denean. Lehenik, eskaintza mugatu egiten da, eta, ondoren, matrikula-murrizketa bera erabiltzen da murrizketa berriak justifikatzeko. Jaiotza-tasaren beherakada, gainera, aukera izan zitekeen ratioak gutxiagotzeko, hezkuntza-arreta hobetzeko eta lan-baldintzak duintzeko. Hala ere, administrazioaren erantzuna lerroak ixtea, ikastetxeak bateratzea eta baliabideak murriztea izan da.
Bien bitartean, itunpeko sarea murrizketa eta egokitzapen horietatik kanpo geratzen da. Han ez dirudi berrantolatzeko larrialdi berberak daudenik, ezta eraginkortasunarekiko kezka berberak ere. Horrexegatik azpimarratzen dugu auziaren muina ez dela teknikoa, politikoa baizik: zergatik erortzen dira murrizketak sistematikoki hezkuntza publikoaren gain?
Jokoan dagoena ikastetxe jakin batzuen etorkizuna baino askoz gehiago da. Pixkanaka-pixkanaka, hezkuntza-sistema bat eratzen da, non jaiotzaren inguruneak gero eta gehiago baldintzatzen dituen eskura dauden aukerak. Batxilergoaren edo goi-mailako lanbide-heziketaren aukerak herri-ingurune jakin batzuetan murrizteak hezkuntza-horizonteak mugatzea eta aldez aurretik zeuden gizarte-desberdintasunak indartzea dakar.
Hezkuntza publikoak bermatu beharko luke, hain justu ere, jatorri sozialak ez duela baldintzatuko ez pertsonen etorkizuna, ezta gizartearena ere bere osotasunean. Izan ere, gizartearen zati bati bere gaitasunak erabat garatzeko aukera ukatzea da askatasunaren eta berdintasunaren printzipioak betetzen ez dituen gizarte baten azken bermea.
Beste sindikalismo bat posible da (hezkuntzan ere bai)
Autoritarismorantz eta pribatizaziorantz doan joera argi honen guztiaren aurrean, CNT Ezkerraldean sindikalismoa egiteko beste modu baten alde egiten jarraitzen dugu: Behetik eraikitako sindikalismoa, zuzeneko parte-hartzean, batzarretan eta elkarlaguntzan oinarritua.
Ez dugu uste hezkuntza publikoa ikasgeletatik urrun dauden bulegoetatik defendatu daitekeenik, ezta lanean ari direnen ahotsa ordezkatuko duten egitura hierarkikoen bidez ere. Gure eskubideak eta zerbitzu publikoak defendatzeko indarra langileen antolaketa kolektiboan bertan dago.
Elkarren arteko laguntzan, autogestioan eta antiautoritarismoan oinarritutako hezkuntza bat behar dugu. Desberdintasunak erreproduzitu beharrean eurei aurre egingo dien hezkuntza bat. Egun bizi dugun ezer ez da saihestezina. Ezer ez dago aldez aurretik idatzita.
Hezkuntzak ezinbesteko tresna izaten jarraitzen du ezjakintasunaren, menpekotasunaren eta desberdintasunaren kateak hausteko. Hezkuntza publikoa defendatzeak zerbitzu publiko guztiak defendatzea ere esan nahi du.
Defenda dezagun hezkuntza publikoa behetik, egunero posible egiten dutenen indarrarekin.
CNT EZKERRALDEA
Afiliatu zaitez. Antolatu zaitez. Borrokatu ezazu.

