CNTk Leioako Mercadonan egindako kaleratze errepresiboa salatzen du

CNTtik salatu nahi dugu gure kidea Leioako Mercadonako dendan kaleratua izan dela, errepresalia gisa bere lan-eskubideak gauzatu nahi izateagatik.

Langileak enpresari jakinarazi zion aita izango zela eta aitatasun-baimenaz baliatuko zela. Halaber, lanaldi-murrizketa eskatu zuen familia eta lana bateragarri egiteko, legez aitortutako eskubidea, hain zuzen.

Une horretatik aurrera, jazarpena hasi zen. Enpresak ordura arte jasotzen zuen soldata-osagarri bat kendu zion inolako arrazoirik eman gabe. Horren ondorioz, gure kideak alegazioak aurkeztu zituen, eta ondoren Lan-arloko Epaitegian salaketa jarri zuen.

Handik gutxira, Mercadonak disziplinazko espediente bat ireki ziola jakinarazi zion, erantzun ahal izateko lau eguneko epea emanez. Epe hori amaitu baino lehen, kaleratu egin zuten. Argi dago enpresaren asmoa bere eskubideak defendatzera ausartzen dena zigortzea dela.

CNTtik salatzen dugu kaleratze hau errepresiboa dela, bai salaketa bat aurkezteagatik bai oinarrizko eskubideak –familia eta lana uztartzeko eskubidea zein aitatasun-eskubidea– erabili nahi izateagatik egindakoa.

Mercadonak langileen oinarrizko eskubideak urratu ditu kaleratze bidegabe honekin. Beraz, gure lankidearen berehalako berrartzea eskatzen dugu.

Ez gara erabili eta botatzeko salerosgaiak!

Kaleratutako kidea berehala berrartu dezatela!